ZERBITZU PUBLIKOEN ALDE, SOZIALISMOAREN ALDE BORROKATUZ AURREKONTU MILITARISTAK GASTU SOZIALETARAKO

Arrazoi gehiegi dago kudeaketa kapitalistarik gabeko eta langile-klasearen zerbitzura dagoen sektore publiko baten alde mobilizatzeko. INDARek, Nafarroako militante komunisten sareak, egungo egoera politikoaren irakurketa partekatu nahi du, baita hainbat sindikatuk egindako greba-deialdiarena ere:

    Gure ustez, osasun, hezkuntza, gizarte… arloko zerbitzu publikoak erabat hondatuta daude. Gero eta urriagoak diren zerbitzu publikoak, gero eta pobretuago dagoen biztanleria artatzeko: itxaron-zerrendak osasunean, hezkuntza-segregazioa, gizarte-zerbitzuak eta egoitza-zerbitzuak funts putreen esku, etorkizuneko pentsioen murriztea,…

Behin-behinekotasuna eta prekarietatea langile publikoen sektore zabaletara hedatzen ari da, eta, aldi berean, korporatibismoa, elitismoa eta hierarkizazioa sustatzen dira administrazioaren barruan. Horrek guztiak negozio- eta errentagarritasun-nitxo berriak bilatzen dituen kapitalaren interesei erantzuten die, eta laneko errentak kapitaleko errentetara desbideratzea eragiten du; aldi berean, haustura eta desberdintasun soziala areagotzen ari da, gero eta indibidualizatuagoak diren erantzunen mesedetan.

Pribatizatzeko eta arlo publikoa murrizteko apustu hori egungo zerbitzuen kudeaketa kapitalistari erantzuten dion errealitatea da. Ezinezkoa da sistemaren joko-esparruaren barruan politika horiek erreformatzea edo politika horietan norabidea aldatzea. Nahikoa da atzera begiratzea eta UPNren politikak ikustea, eta Geroa BAIren gobernua zuzendu eta sostengatu zutenen eta PSNren gobernua zuzentzen eta sostengatzen dutenen kontinuismoa: partidak mantentzen dira hezkuntza pribatuan/itunpekoan, ez dira Lehen Mailako Arretaren aurrekontuak handitzen, egitura burokratiko eta administratibo berdinak mantentzen dira kapitalaren alde.

    Prozesu honetan, sindikatuen paperak irakurketa zehatzagoa mereziko luke, baina galdera pare bat nahikoa dira jarrera argi uzteko: UPNrena ez den 8 urteko gobernu honetan, zein izan da haien zeregina ? Klase-interesei erantzun diete ala proiektu politiko jakin batzuk elikatu nahi izan dituzte? Zergatik desaktibatu da indar korrelazio mesedegarri batekin kaleko borroka? Sindikatuen zeregina, klase-proposamen bat edukitzetik urrun, interes politiko zehatzei erantzun die, hainbat sektore publiko hondoratzen eta hondatzen ari diren gobernu-politikak ahalbidetuz: lehen mailako arreta eta horren aurrean sindikatuen erantzuna nola dauden ikustea nahikoa da, adibide bat jartzearren.Kapitalismoaren egungo erasoaldiaren helburua sektore publikoak desegiteko beste buelta bat ematea da, hondar eta eraginik gabeko zerbaitetan uzteagatik. Bankuen eta inbertsio-taldeen diru-goseak ez du mugarik.

    INDAR sarean gaudenok erantzun iraultzailea eta klasekoa planteatzearen aldeko apustua egiten dugu. Gaur kalera atera gara, zerbitzu publikoen alde borrokatu beharraz konbentzituta, baina benetan unibertsalak izan daitezen, borroka hori sozialismoaren aldeko borrokatik ezin da bereizi. Beste edozein modutan, borroka porrotera kondenatuta dago, historiak horrela irakatsi digu.

BAT EGIN BORROKA ANTIKAPITALISTAREKIN

PARTE HARTU MILITANTE KOMUNISTEN SAREAN INDAR!!

 

https://www.indarnafarroa.eus                                  komunikazioa@indarnafarroa.eus

Publicaciones Similares

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *